XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zergatik?

Aurpegi zurbil batean kokatutako turkesa-itxurako begi urdin sakonez begiratu zion gizonak umeari erantzuna eman aurretik. Malenkoli putzu ziren begiak.

- Bihar goizean banoa berriz ere.

- Beno, datorren astean beraz! -esan zuen mutikoak etsituta.

- Nahiko nuke baina, etxera noiz itzuliko naizen ez dakit.

- Beti berdin! Zergatik joan behar duzu?

- Gerran gaudelako, seme.

Umea isilik gelditu zen une batez. Burua eskuinaldera biratu zuen eta biziz betetako begi txikiak aitarenetan finkatuz zera galdetu zion:

- Zergatik gaude beti gerran?

Galdera latza benetan. Umeek egin ohi duten horietakoa. Jakin ba al zekien berak zergatik zeuden gerran.

Sarritan, ontziko bere gelaxkan ohean lo hartu ezinik sabaiko metal grisari begira zetzanean, galdera bera jartzen zion bere buruari. Zergatik gaude hemen?

Gogoetaldi bakar luze haietan, urtetako gerra amaigabeari jarraipena emateko benetako arrazoirik ez zegoela pentsatu zuen behin baino gehiagotan.

Status Quoaren aurpegietako bat besterik ez ote zen pentsatzen zuen. Gerra inork maite ez zuen izurria ez, eta gizartearen egoera eta statusa aldatu gabe irauteko ziurtasunezko presio-balbula ote zen, moduko ideiek berotzen zioten burua.

Beste batzuetan argi eta garbi ikusten zituen bere borrokaren helburuak eta baita su eta gar eutsi behar zitzaiela pentsatu ere.

Horietako une distiratsu batean zegoen egun hartan, baina bere semearen galderari erantzuna ahoskatzeko unean gobernuaren propagandan erabilitako esaldi biribil horietako bat atera zitzaion, ez besterik.

- Askatasuna nahi dugulako, seme.